XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jauregi: PSOEk ez du babestuko HBrekiko akordiorik atentatuak egiten diren bitartean

Jauregi PSE-PSOEko idazkari nagusiak atzo Bilbon esan zuenez, garrantzi gehiegi ematen ari zaie EAJ eta HBren arteko kontaktuei.

Bere esanetan, ez da azken negoziazioa eta ez dira inor ordezkatzen ari.

Atzo Bilbon emaniko prentsaurrekoan azaldu zuenez, elkarrizketa hauekin jeltzaleak HBren partaidetza politikoa normalizatu eta ETAtik bereiztea lortu nahi dute.

PSOEko kidearentzat guztiz sinesgaitza da harreman hauetatik emaitza positiborik ateratzea.

Ez dela eztabaidarako une egokia pentsatzen du ordezkari sozialistak, ETAk 1992aren hasieran aurrera eraman dituen erasoak ikusita.

Argi utzi nahi izan zuen Jauregik bere alderdiak ez duela erakundeetan HBrekin inolako akordiorik onartuko ETAk bere ekintzekin segitzen duen bitartean.

Nire alderdiak ez du babestuko ez onartuko HBrekin egindako akordiorik ekintza terroristak egiten diren bitartean, adierazi zuen Ramon Jauregik.

ITUNA MOLDATU BEHARRA

Elkarrizketa eta hurbilketa saioak Ajuria Eneako Itunaren diskurtsoa testuingurura moldatzera behartzen du PSE-PSOEko idazkariaren iritziz.

Dena den, jeltzaleen eta HBren arteko elkarrizketek Ajuria Eneako Itunaren papera ez dutela aldatuko zihurtatu zuen Jauregik, hau bait da bake prozesurako oinarrizko tresna.

Aurrerago gaineratu zuenez, EAJk Itunaren filosofiaren aurka joango litzatekeen ezer ez duela egingo adierazi die.

Era berean, Madrileko Gobernuak terrorismoaren aurkako estrategia aldatu ez duela adierazi zuen EAEko sozialisten idazkariak, alderdien arteko batasuna eta Ajuria Eneako Itunaren batasun estrategikoa oinarritzat dituela gaineratuz.

Azkenik, Jauregik gezurtatu egin zuen Corcuera elkarrizketa hauen alde dagoenik, zenbait komunikabidek jakitera eman zuten bezala.

Euskararen inguruan Fernando Buesa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu sozialistak eta Maria Karmen Garmendia Hizkuntz Politikarako idazkari nagusi jeltzaleak Gasteizko Legebiltzarrean atzo zuten eztabaidari buruz, PSE-PSOEk eta EAJk gai honetan sentsibilitate ezberdina dutela adierazi zuen Jauregik.